Kabi Etxe bat gehienez 0 eta 3 urte bitarteko 4 haur zaintzeko egokitutako etxea da. Gaur egungo haur-eskoletan eskaintzen den hezkuntza-sistemaren aurrean beste aukera bat bezala sortu dira, non bai haurra, eta baita familia ere, dira protagonistak. Familia-giroa galdu gabe eta haurra gurasoengandik banantzeko momentu hori ere errazagoa eta eramangarriagoa egiteko babesa eskainiz.

Kabi Etxe baten jarduera hezitzailearen etxean bertan burutzen da, beti ere haurraren erritmoa eta garapen naturala errespetatuz eta bere beharrak asetuta. Giro lasaia, segurua eta aproposa. Egunerokotasunaren aurrean presarik gabe joateko eta lana eta familia bateragarria egiteko prozesuaren aurrean laguntza emateko. Haur eta familia bakoitza ezberdina delako.

Europako zenbait herrialdeetan, 3 urte arteko haurren eskolatzearen aurrean ere, Kabi Etxeen tankerako beste hainbat proiektu daude martxan, hala nola: Alemanian “Tagesmutter”, Ingalaterran “Childminders” edota Suitzan “Amand de Jour”. Guzti hauek aitortuta eta araututa egoteaz gain, diru-laguntzak ere jasotzen dituzte. Gipuzkoan ere horren alde borroka egiten ari gara, eta horren seinale duela urte batzuk “Kabi Etxeak Gipuzkoa” elkartea sortu zen (http://www.kabietxeak.eus/).

Kulunka Kabi Etxean haur bakoitza eta bere ingurunea errespetatzen dugu, hezitzailea eta haurraren artean lotura afektiboa eta egonkorra sor dadin, beti ere bere autonomiaren garapena bultzatuz. Goxotasuna eta lasaitasuna, gaur egungo mundu kaotiko honen aurrean presarik gabe joateko.